2012/06/26

Guaixeren balada


Juankar Lopez-Mugartzak zutabe eder hau eskaini zigun garagarrilaren 22ko Guaixen. Eskerrik asko!

Egun batzuk, aste batzuk pasa dira eta Nafar Gobernuan lurrikara bat egon den arren, Guaixe ez da erori, zutik dirau. Berriz ere, hemen dago zuen eskuetan. Eta ez da erori, denon proiektua delako, gurea. Denon sostengua duelako, Nafar Gobernuak ez bezala. Guaixe erorarazi nahi zuten eta, zuzentza jainkotiarraz, haiek izan dira erortzeko zorian direnak.

Guaixe eta Beleixe indartsuago eta ederrago daude, haiek, berriz, are ahulago eta itsusiago. Guaixe eta Beleixe maitatzen ikasi dugu, behar ditugu edaten dugun ura bezala; ustelduak, ordea, gero eta gehiago gaitzesten eta arbuiatzen ditugu, kiratsa baitarie beren zeregin guztiei. Ez, ez dugu haien diruaren beharrik, haien dirua haiena ez izan arren, guri kendu diguten dirua baita, euskarari dagokiona eta euskarari zor zaiona.

Arturo Campionek behin idatzi eta hainbat euskalkitara itzuli zuen balada hura ekarri nahiko nuke gogora, orain, Guaixek berriz ere bere orrialdeetan idazteko aukera ematen didan une gozo honetan. Guaixek ere bere balada merezi duelako, gure miresmen osoa. Aldizkari txiki bat, erraldoi baten aurrean tinko. Dabid eta Goliaten arteko betiereko borroka. Baskoiak Karlomagno Errege guztiz ahaltsuaren aurrean borrokatu ziren bezala.

Nafarroa menderatua dutela uste dute, 1512an Nafarroa menderatua zutela uste zuten bezala. Baina Nafarroa bizirik dago, menderakaitza da, Guaixe eta Beleixe bezala. Denok ari garelako parte hartzen erresistentzia honetan, bazkidetza kanpainan, eta krisi garaian gauden arren, duintasuna ez digute inoiz ere kenduko. Gure prentsa, gure aldizkari eta irratiak defendituko ditugu, gure aitaren etxea bezala.

Guaixe eraberrituaren baladaren oihartzuna entzuten dut Sakanako baso eta mendien artean... Aralar... Beriain... “Itsasua baindo aundiyoko basoko arbolain ostuak dia, aiziak moitzen tubenak... Gauberdiya da... Ez da ager ez idargirik eta ez izarrik zeru illunian; irruti ikusten dia su aundiyak mendiyan... inguruban sentitzen dia otsuan izugarrizko garrasiyak, eta Euskaldunak txorrotxten tubei bitartian bebein dardo ta aizkorak... Gauba arras iluna dó... Euskaldunain aizkorak eta darduak dir dir dir eiten dei...

Yuzkiya ager da mendiyan Karlomano benzituik eta garaituik iyasi diyua, bere kapa gorriyakin, eta sombel luma beltzezkuakin. Umiak eta andrak dailtza pozez dantza ta dantza, eta montañesain irrintzak zeruaindo iyotzen dia.


Guaixe eta Beleixe aurrera !! Bazkidetza kanpainari sostengua eman !!

Juankar Lopez-Mugartza

No comments:

Post a Comment