2012/06/27

Sakana euskal prentsaren alde

Astelehenean euskarazko prentsaren aldeko agerraldia egin zen Sakanako Mankomunitatearen egoitzan. Sakanako udal ordezkarien eta euskalgintzako ordezkaritza zabala bildu zen.
Lorea Agirreren testua irakurri zen:

Izan gaitezen
Izan paperezko, izan uhinezko, izan ikus-entzunezko, izan sareko. Izan herriko, izan eskualdeko, izan nazio mailako. Izan informazio orokorreko, izan musikako, izan ekonomiako, izan umeentzako edota gurasoentzako, izan bertso zaleentzako, izan gozozaleentzako, izan zientziako, izan pentsamenduko, izan umorezko, izan zinemako, izan ehiztarientzako, izan dekorazioko, izan eskolako. Izan segunduroko, izan eguneroko, izan asteroko, izan hilabeteko, izan urteroko. Izan.

Izan, hedabideak beharrezkoak dira hizkuntza bide bidezidor errepide eta autopista zahar eta berrietan abia arazteko. Izan asfaltozko, izan goroldiozko, izan hodeiezko. Beharrezko dira hiztunak, itxitura eta atakak ireki, eta bide horietan barrena bidaian abiatzeko, eta bidean elkar ezagutzeko, eta talde egiteko eta etxeko sentitzeko. Beharrezko dira munduari begiratzeko modu bat izateko: teilatu eta ispilu, geure buruarentzat; leiho, geure begientzat; ate, inguruan ditugunentzat.

Izan ere, hedabide guzti-guztiak izan mundu berekoak dira. Euskararen mundukoak. Izan txiki izan erraldoi, izan txokoko izan erdiguneko, izan mendiko izan araneko izan itxasoko. Denak dira beharrezko, denak elikatzen dute elkar, denak behar dira hizkuntzak eta hiztunek izaten jarraituko badute.

Hedabideak, euskarazko hedabideak funtsezko dira gizarte eta kulturako ekimen guztiak ezagutu zabaldu ezagutzera eman balioztatu eta indartzeko. Esan ohi da zabalkunderik ez duen kultura ez dela kultura, elkar ezagutzen ez dutenak ez direla talde, elkar elikatzen ez direnak ez dutela etorkizunik. Euskarazko hedabideak herrigintza dira. Gugintza. Izan, izatea bermatzen laguntzen duten hitzezko lur baten zutabeak dira.

Hedabide asko egoera makurrean daude: batzuk paperaren krisiak harrapatu dituelako, askori diru iturriak apaldu zaizkielako, gehienak krisi ekonomikoak azpian hartu dituelako eta ia denei laguntza publikoak gutxitu zaizkielako, eta batzuri baita ukatu ere. Bakarra desagertzea denen galera da. Denona. Batzuk desargertu dira dagoeneko, eta askoren iraupena arrisku bizian dago.

BERRIA egunkariarena, kasu.
GUAIXE aldizkaria eta BELEIXE irratiarena ere bai. Etorkizunean izan izango bada gaur lagundu behar da, euskarazko hedabideak ez daitezen gal, sendotu baizik, eta horrekin euskararen mundua izan izan dadin. 


Lorea Agirre (moldatua)

No comments:

Post a Comment