Bierrik Fundazioak bazkide kanpainarekin aurrera jarraituko du, 
euskarazko hedabideen geroa bermatu eta etorkizuneko erronkei eusteko
Bierrik
 Fundazioak bere egoeraren berri emateko atzo batzar irekia egin zuen 
Iortia kultur gunean. Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen 
erakundearen egoeraren berri ematearekin batera, aurrera begirako 
erronkak ere azaldu zitzaizkien bildutakoei. 
Bierrik Fundazioak 
pattal hasi zuen 2012. urtea. Hilabete bat lehenago jaso zuen berririk 
txarrena: Nafarroako Gobernuak 2012. urterako diru-laguntzarik gabe utzi
 zituen euskarazko hedabideak, urteko aurrekontuetatik euskara 
komunikabideetan sustatzeko laguntza kendu zuelako. Sakanako Guaixe 
astekaria eta Beleixe irratia (FM 107,3) laguntza horren onuradunak 
ziren eta kolpe gogorra jaso zuten. Aurten foru administraziotik 0 euro 
jaso dituzte. 
Hori gutxi balitz bezala, krisiak gogor kolpatu 
zuen Bierrik eta autofinantziazio sarrerek behera egin zuten nabarmen.  
2011. urteko zorra handia zen eta aurreikuspenak oso ilunak. Arrazoi 
horiengatik, udaberrian, fundazioak murrizketak egin zituen hedabideetan
 eta lantaldean; lantaldean kaleratze bat egin eta bi lanaldi murriztu 
zituen. Gainera, komunikabideak txikitu behar izan ziren: Guaixe 
astekaria 16 orrialde izatera pasatu zen eta Beleixe (FM 107,3) 2 ordu 
eta erdiko zuzeneko programazioa emititzera pasatu zen. 
2000 esker kanpaina
Gauzak
 horrela, 2000 esker kanpaina martxan jartzeko erabakia hartu zen. 
Horrela, talde eragilea sortu zen aurkezpen ofizialaren ondotik. 
Ondoren, herrietako batzordeak osatzen joan ziren eta azken hilabete 
hauetan guztietan hainbat ekimen egin dituzte bazkide gehiago lortzeko 
eta Sakanako Komunikabideak salbatzeko. Haiei zor diegu gure egoera hain
 larria ez izatea. Sei hilabetetan 1.400 bazkide izatera heldu gara. 
Tamalez,
 azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren murrizketa 
jasan behar izan dugu eta publizitatearen etengabeko beherakada ere bai.
 Ondorioz, komunikabide bat isildu behar izan dugu, Beleixe irratia (FM 
107,3), Sakanako berriak egunero eskaintzen zituena eta freskotasuna 
ematen ziona Bierrik proiektuari. Beste bi kaleratze eta beste lanaldi 
murrizketa bat ere bizi behar izan dute fundazioko langileek. Urte 
hasieran, 11 langile ziren (osotara 9 lanaldi eta erdi); orain, urritik 
aurrera, 8 langilerekin egin beharko diote aurre eguneroko lanari 
(osotara 6 lanaldirekin). 
Urte amaierarako aurreikuspenak ilunak dira baina ez dira guztiz beltzak, zuei esker, bazkideei esker.
Aurrera begira
Hausnarketa
 prozesuan dago proiektua. Bideragarritasun plana egiten ari da 2013. 
eta 2014. urteetarako. Helburuak Bierrik Fundazioaren autofinantziazioa 
maila handitzea eta diru-laguntzekiko mendekotasuna jaistea dira. 
Batetik, Sakanako komunikazio erreferentea izaten jarraitu nahi dugu: 
komunikabide berritzaileak behar ditugu eta, horretarako, merkatuari 
begira gaude eta sakandarrek etorkizunean beharko dutenari so. Bestetik,
 gure autofinantziazio maila handitzeko euskarazko komunikazio zerbitzu 
profesionalak eskainiko ditugu (diseinu zerbitzua…).
Bideragarritasun
 planarekin batera, fundazioaren barne egitura eta kanpo egitura 
hobetzeko beharra ikusi du Bierrikek. Zuzendaritza indartsu bat eratzea 
eta baliabideen kudeaketa hobetzea dira helburuak. Azkenik, bazkideek 
proiektuarekiko izango duten harremanari garrantzi berezia eman nahi 
dio. 
Bierrik Fundazioak enpresaburu, merkatari eta taldeei dei 
egiten die, “kanpainaren eta proiektu honen laguntzaile izan daitezen, 
oraindik denon laguntza behar dugulako. Urte akaberarako bazkide gehiago
 behar ditugu eta herrietako batzordeekin sortu diren harremanei eutsi 
nahi diegu, proiektu hau denona delako”.
Albistea Guaixe.net-en 


No comments:
Post a Comment