2012/11/12

Zurekin baietz leporaino bete!


Cava botila batek irudikatzen du Bierrik fundazioaren bazkideak lortzeko kanpaina

Egun dauden bazkideek bere inguruan beste bat egiteko deia egin du fundazioak. 2.000 bazkideko helburua lortu nahi da. Bazkide berriak ekartzen dituenak zozketa batean sartuko da

Bierrik Fundazioak bazkide egiteko kanpainari segida emanen dio urtea despeditu arte. Heldu den urtean ere Nafarroako Gobernuak berriro huts eginen digula aurreikusten dugu, diruz ez duela lagunduko. Gainera, Sakanan krisiak jarraituko duela eta, ondorioz, datozen hilabeteak ez dira errazak izanen fundazioarentzat. Aurten 3 langile kaleratuak izan dira eta Beleixe Irratiak (FM 107,3) eta Guaixe astekariak murrizketa larriak jasan dituzte.

Horregatik, fundazioak azken ahalegin bat eskatu die dagoeneko bazkide diren 1.430 sakandarrei: “zuen inguruan beste bazkide bat lortu, 2000 bazkidera heltzeko helburuarekin”. Jaso ez badute, aurki jasoko dute bazkideek etxean esku-orri bat. Kanpainari azken bultzada ematearekin batera fundazioak eskerrak eman nahi die Guaixeren, Beleixeren eta Bierrik Fundazioaren proiektuarekin bat egiten ari direlako. Sakanan euskarazko komunikabideak indartzen eta laguntzen ari direlako. Horrek, gainera, Beleixeguaixe txartelaren abantailez gozatzeko aukera eman die.

Koxka bat
2000 esker kanpainaren ondorioz  dagoeneko 1.400 sakandar baino gehiago ari dira Sakanan kalitatezko komunikabideak bulkatzen, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzen, irratiak ahotsa behar duela esaten, BeleixeGuaixe txartelarekin Sakanako ekonomia indartzen, Sakanan bizi, ikasi eta lan egin nahi dutela lau haizeetara zabaltzen.

Baina...oraindik koska bat falta da helburua lortzeko: Sakanan 2.000 bazkide behintzat behar ditu proiektua indartzeko eta sendotzeko, eta kosta hori betetzeko bazkideen laguntza behar du Bierrikek. Kanpaina irudikatzeko botila bat aukeratu du: botila erdia baino askoz gehiago ikusten du beterik, oso pozik, baina erabat betetzea behar du.

Zozketa
Zuk, bazkide, beste bazkide bat lortzen baduzu, erraz lortuko dugu helburua. Animatu zure etxekoak, lagunak, kuadrillakoak, lankideak, tabernariak, bankuko langileak, dendariak, enpresetako buruak... 2013. urtea zurekin hasi nahi dugu. Zuri esker eta zure laguntzarekin, baietz botila leporaino bete!

Eta horretarako, zozketa berezi bat antolatu du Bierrikek eguberrietarako: Bazkide berri bat ekartzen duten bazkide zaharren artean nekazal etxe batean asteburu pasa eta 100 €-ko bono bat zozketatuko ditu (txartela duten komertzioetan gastatzeko).

Beraz, gonbidapena edo esku-orria jasotzen dutenei bulegora deitzeko animatzen ditu Bierrik Fundazioak: 948 564 275 edo 948 562 107

No comments:

Post a Comment