2013/01/13

Munduko musikak Etxarrin: Bierriken alde

Abenduan, Irurtzunen egin zen MUNDUKO MUSIKAK kontzertua, eta, oraingoan, Etxarri Aranatzen izanen duzue kontzertua ikusteko aukera.

     EGUNA: urtarrilaren 20an, igandea
     ORDUA: 19:00etan
     NON: Etxarri Aranazko Kultur Etxea

MUNDUKO MUSIKAK

Bierriken aldeko kontzertua + sorpresak
  • Irurtzungo Musika Eskola
  • Kituka Burundi
  • Djembe taldea
  • Youssef Kejji
  • Maider Ansa
Sarrerak salgai dituzue Etxarriko Leku Ona tabernan, Kaxeta liburu-dendan eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, 5 euroren truke.


2013/01/11

Bazkide sarituak: Zurekin baietz bete!

Bierrik-eko bazkide izateak eta bazkide berriak ekartzeak badu saria!

Bazkide sarituak:
  • Idoia Artieda: asteburu bat nekazal etxe batean.
  • Egoitz Albarrazin: 100 euroko bono BeleixeGuaixe  txartela duten dendetan gastatzeko.
Zorionak, Idoia eta Egoitz!  Eta eskerrik asko bazkide berriak ekarri dituzuen guztioi!


2012/12/18

BERTSOBERRIZ 2012

Bertso saio ederra izanen dugu larunbatean, abenduaren 22an, Altsasuko Gure Etxean. Saioa 19:00etan hasiko da eta bertan izanen dira, Altsasuko Bertso Eskolako ikasleekin batera, Uxue Alberdi, Eneko Lazkoz eta Jon Maia bertsolariak.

Nafarroako Bertsozale elkarteak antolatu du saioa, eta sarreren erdia Bierrik Fundazioarendako izanen da.

Hona hemen kartela:


2012/12/04

Munduko musikak: Bierriken aldeko kontzertua


Abenduaren 16an,  Bierriken aldeko kontzertua antolatu da Irutzungo Kultur Etxean.


2012/11/12

Zurekin baietz leporaino bete!


Cava botila batek irudikatzen du Bierrik fundazioaren bazkideak lortzeko kanpaina

Egun dauden bazkideek bere inguruan beste bat egiteko deia egin du fundazioak. 2.000 bazkideko helburua lortu nahi da. Bazkide berriak ekartzen dituenak zozketa batean sartuko da

Bierrik Fundazioak bazkide egiteko kanpainari segida emanen dio urtea despeditu arte. Heldu den urtean ere Nafarroako Gobernuak berriro huts eginen digula aurreikusten dugu, diruz ez duela lagunduko. Gainera, Sakanan krisiak jarraituko duela eta, ondorioz, datozen hilabeteak ez dira errazak izanen fundazioarentzat. Aurten 3 langile kaleratuak izan dira eta Beleixe Irratiak (FM 107,3) eta Guaixe astekariak murrizketa larriak jasan dituzte.

Horregatik, fundazioak azken ahalegin bat eskatu die dagoeneko bazkide diren 1.430 sakandarrei: “zuen inguruan beste bazkide bat lortu, 2000 bazkidera heltzeko helburuarekin”. Jaso ez badute, aurki jasoko dute bazkideek etxean esku-orri bat. Kanpainari azken bultzada ematearekin batera fundazioak eskerrak eman nahi die Guaixeren, Beleixeren eta Bierrik Fundazioaren proiektuarekin bat egiten ari direlako. Sakanan euskarazko komunikabideak indartzen eta laguntzen ari direlako. Horrek, gainera, Beleixeguaixe txartelaren abantailez gozatzeko aukera eman die.

Koxka bat
2000 esker kanpainaren ondorioz  dagoeneko 1.400 sakandar baino gehiago ari dira Sakanan kalitatezko komunikabideak bulkatzen, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzen, irratiak ahotsa behar duela esaten, BeleixeGuaixe txartelarekin Sakanako ekonomia indartzen, Sakanan bizi, ikasi eta lan egin nahi dutela lau haizeetara zabaltzen.

Baina...oraindik koska bat falta da helburua lortzeko: Sakanan 2.000 bazkide behintzat behar ditu proiektua indartzeko eta sendotzeko, eta kosta hori betetzeko bazkideen laguntza behar du Bierrikek. Kanpaina irudikatzeko botila bat aukeratu du: botila erdia baino askoz gehiago ikusten du beterik, oso pozik, baina erabat betetzea behar du.

Zozketa
Zuk, bazkide, beste bazkide bat lortzen baduzu, erraz lortuko dugu helburua. Animatu zure etxekoak, lagunak, kuadrillakoak, lankideak, tabernariak, bankuko langileak, dendariak, enpresetako buruak... 2013. urtea zurekin hasi nahi dugu. Zuri esker eta zure laguntzarekin, baietz botila leporaino bete!

Eta horretarako, zozketa berezi bat antolatu du Bierrikek eguberrietarako: Bazkide berri bat ekartzen duten bazkide zaharren artean nekazal etxe batean asteburu pasa eta 100 €-ko bono bat zozketatuko ditu (txartela duten komertzioetan gastatzeko).

Beraz, gonbidapena edo esku-orria jasotzen dutenei bulegora deitzeko animatzen ditu Bierrik Fundazioak: 948 564 275 edo 948 562 107

2012/10/10

Mila eta laurehun esker, oraingoz

Bierrik Fundazioak bazkide kanpainarekin aurrera jarraituko du, euskarazko hedabideen geroa bermatu eta etorkizuneko erronkei eusteko

Bierrik Fundazioak bere egoeraren berri emateko atzo batzar irekia egin zuen Iortia kultur gunean. Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen erakundearen egoeraren berri ematearekin batera, aurrera begirako erronkak ere azaldu zitzaizkien bildutakoei.



Bierrik Fundazioak pattal hasi zuen 2012. urtea. Hilabete bat lehenago jaso zuen berririk txarrena: Nafarroako Gobernuak 2012. urterako diru-laguntzarik gabe utzi zituen euskarazko hedabideak, urteko aurrekontuetatik euskara komunikabideetan sustatzeko laguntza kendu zuelako. Sakanako Guaixe astekaria eta Beleixe irratia (FM 107,3) laguntza horren onuradunak ziren eta kolpe gogorra jaso zuten. Aurten foru administraziotik 0 euro jaso dituzte.

Hori gutxi balitz bezala, krisiak gogor kolpatu zuen Bierrik eta autofinantziazio sarrerek behera egin zuten nabarmen.  2011. urteko zorra handia zen eta aurreikuspenak oso ilunak. Arrazoi horiengatik, udaberrian, fundazioak murrizketak egin zituen hedabideetan eta lantaldean; lantaldean kaleratze bat egin eta bi lanaldi murriztu zituen. Gainera, komunikabideak txikitu behar izan ziren: Guaixe astekaria 16 orrialde izatera pasatu zen eta Beleixe (FM 107,3) 2 ordu eta erdiko zuzeneko programazioa emititzera pasatu zen.

2000 esker kanpaina
Gauzak horrela, 2000 esker kanpaina martxan jartzeko erabakia hartu zen. Horrela, talde eragilea sortu zen aurkezpen ofizialaren ondotik. Ondoren, herrietako batzordeak osatzen joan ziren eta azken hilabete hauetan guztietan hainbat ekimen egin dituzte bazkide gehiago lortzeko eta Sakanako Komunikabideak salbatzeko. Haiei zor diegu gure egoera hain larria ez izatea. Sei hilabetetan 1.400 bazkide izatera heldu gara.

Tamalez, azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren murrizketa jasan behar izan dugu eta publizitatearen etengabeko beherakada ere bai. Ondorioz, komunikabide bat isildu behar izan dugu, Beleixe irratia (FM 107,3), Sakanako berriak egunero eskaintzen zituena eta freskotasuna ematen ziona Bierrik proiektuari. Beste bi kaleratze eta beste lanaldi murrizketa bat ere bizi behar izan dute fundazioko langileek. Urte hasieran, 11 langile ziren (osotara 9 lanaldi eta erdi); orain, urritik aurrera, 8 langilerekin egin beharko diote aurre eguneroko lanari (osotara 6 lanaldirekin).

Urte amaierarako aurreikuspenak ilunak dira baina ez dira guztiz beltzak, zuei esker, bazkideei esker.



Aurrera begira
Hausnarketa prozesuan dago proiektua. Bideragarritasun plana egiten ari da 2013. eta 2014. urteetarako. Helburuak Bierrik Fundazioaren autofinantziazioa maila handitzea eta diru-laguntzekiko mendekotasuna jaistea dira. Batetik, Sakanako komunikazio erreferentea izaten jarraitu nahi dugu: komunikabide berritzaileak behar ditugu eta, horretarako, merkatuari begira gaude eta sakandarrek etorkizunean beharko dutenari so. Bestetik, gure autofinantziazio maila handitzeko euskarazko komunikazio zerbitzu profesionalak eskainiko ditugu (diseinu zerbitzua…).

Bideragarritasun planarekin batera, fundazioaren barne egitura eta kanpo egitura hobetzeko beharra ikusi du Bierrikek. Zuzendaritza indartsu bat eratzea eta baliabideen kudeaketa hobetzea dira helburuak. Azkenik, bazkideek proiektuarekiko izango duten harremanari garrantzi berezia eman nahi dio.

Bierrik Fundazioak enpresaburu, merkatari eta taldeei dei egiten die, “kanpainaren eta proiektu honen laguntzaile izan daitezen, oraindik denon laguntza behar dugulako. Urte akaberarako bazkide gehiago behar ditugu eta herrietako batzordeekin sortu diren harremanei eutsi nahi diegu, proiektu hau denona delako”.

Albistea Guaixe.net-en

2012/10/03

Bierrik Fundazioaren BATZARRA

Urriaren 4an, osteguna, arratsaldeko 18:30ean, Batzar Irekia eginen da Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Herrietako batzorde, bazkide eta eskualdeko eragileei gonbit egiten dizuegu parte hartu dezazuen. 2000 esker kanpainaren balorazioa eginen dugu eta Sakanako Komunikabideen gaur egungo egoeraz hitz eginen dugu. Etorkizuneko erronka eta asmoei tarte bat eskainiko diegu bukatzeko.

Zatoz eta parte hartu!



2012/09/21

Etxarriko boletoek bigarren aukera

Etxarriko Asto-kakako zenbait sari hartu gabe gelditu dira. Lehenengo epea pasata, bigarren zozketa egin da. Hona saritutako zenbakiak:
  • Borda jatetxean 2 lagunendako otordua: 152
  • Igoa arrandegiak emandako lotea: 348 
Tabernek oparitutako errondak:
  • Amaya: 215         
  • Derry: 278
  • Iratxo: 326
  • Iturri Eder: 175
  • Larraza: 066
  • Leku Ona: 078
  • Xapatero: 264   
Saritutako zenbakirik baduzu, deitu Guaixeko bulegora (948 564 275)
Sariak jasotzeko azken eguna: irailaren 24a.
 

2012/09/17

Kakarik gabeko Asto-kaka

Larunbat arratsaldean Ñabar, Maia eta Zazpe astoen ipurdiei begira egon ginen, kaka non egiten zuten adi. Hiru astoak lotsatu egin ziren ordea, eta zuten kaka egin, ez behintzat jendaurrean. Beraz, sariak zozketatu egin ziren. Hona irabazleak:
  • 1. saria: Basomutur jatetxean 2 lagunendako otordua: 497 zenbakia
  • 2. saria: J.A. Galarzak harategiak emandako lotea: 196 zenbakia
  • 3. saria: Itziar arrandegiak emandako lotea: 233 zenbakia
  • Pintxo-potea Arkangoan: 777
  • Pintxo-potea Gautxorin: 407
  • Pintxo-potea Kaixon: 174
  • Pintxo-potea Biltokin: 247

1. saria eta Arkangoako pintxo-potea bertan banatu ziren. Gainerakoek deitu 948 564 275era.


Sariak jasotzeko epea irailaren 24an bukatzen da. Saridunak agertzen ez badira, berriz zozketatuko dira.

Eskerrik asko, Altsasu!

Larunbatean herri bazkari jendetsua egin zen Altsasuko Foruen plazan. Adin guztietako 650 herritan baino gehiago animatu ziren bazkarira. Eguraldia lagun, giro ona nagusitu zen. Hori bai, batzuek txano eta eguzkietakoen beharra izan zuten!


Irabaziak Guaixe eta Beleixeren alde izanen dira. Eskerrik asko bazkaria posible egin zuten urdindar eta olaztiarrei, eta ekimenean parte hartu zuten guztiei!

2012/09/14

Herri bazkari jendetsua

Bihar, Altsasuko festetako larunbatean, herri bazkaria eginen da Foruen plazan. Ekimenak erantzun paregabea izan du. 600 lagun inguru elkartuko gara.

Benigo eta bere lagunek menu bikaina prestatu dute eta Haize Berriak bandak giro ederra jarriko du bazkalostean. On egin eta ongi pasa!

Eta ondoren... kuadrillen arteko desafioa eta asto-kaka. Erosi boletoak!

Antolatzaileak: Bierrik fundazioak, Altsasuko Gazte Asanbladak, Haize Berriak bandak, Altsasuko Peñak eta Altsasuko Udala. Irabazien zati bat Guaixe eta Beleixeren alde izanen da.

2012/09/13

Baloiak zerutik goitik behera

Hasi dira Altsasuko festak!!! Etxajua lehertu denean euria ari zuen goitik behera; euria, eta baloi berdeak... 2.000 esker! kanpainako baloiak. Festetan ere gure mezua zabaldu nahi dugu: Guaixek eta Beleixek aurrera jarraitzeko zuen laguntza behar dugu. Egin zaitez bazkide!


2012/09/07

Irailaren 15ean herri bazkaria Altsasun

Festetako larunbateko herri bazkarian giro bikaina espero dugu. Bazkalostea Haize Berriak bandak girotuko du. Irabaziak Guaixeren eta Beleixerendako izanen dira.

Benigno Mendiak bazkariaren sekretu guztiak argitu dizkigu Guaixeko 11 galderan.

Txartelak: 12 euro / <14: 9 euro.
Salgai: Guaixeren bulegoan, Iortian, Biltokin eta Lurrazpin.

Ñabar astoa Altsasurako bidean

Sari bikainak ekarriko ditu:
  1. Basamutur jatetxean bi pertsonendako otordua
  2. J.A. Galarza harategiaren lotea
  3. Itziar arrandegiaren lotea. 
Zureak izan daitezke 2 euroren truke. Erosi boletoak!!!

2012/08/13

Asto-kaka zozketak erabaki zuen

Agorrilaren 9an, Etxarriko festetako azken egunean, Ñabar astoa eta bere laguna herriko plazara atera ziren Guaixeren eta Beleixeren aldeko zozketa erabakitzeko prest. Asto-kakan giro ederra sortu zen eta boleto guztiak saldu ziren, baina bi astoak galbanak jota eta lotsatuta ibili ziren, eta ez ziren animatu jendaurrean kaka egitera. Hala ere sari guztiak banatu ziren. Zoriak erabakita, zenbaki hauek eraman zituzten sari nagusiak:
  1. Borda jatetxean bi pertsonendako bazkari edo afaria: 221 zenbakiarendako.
  2. Mariñeletxe harategiak emandako lotea: 285 zenbakiarendako.
  3. Igoa arrandegiak emandako lotea: 137 zenbakiarendako.
Horrez gain, herriko tabernak oparitutako errondak zozketatu ziren. Hona saritutako zenbakiak:
  • Etxarriko Amaya okindegia: 147
  • Derry taberna: 179
  • Iratxo taberna: 118
  • Iturri Eder taberna: 123
  • Larraza taberna: 367
  • Leku Ona taberna: 112
  • Xapatero taberna: 293
Sarituek deitu ondoko zenbakietara: 948 564 275 / 690 133 379.
Sariak jasotzeko epea: irailaren 9a. Ordurako ateratzen ez badira bigarren zozketa eginen da.


2012/08/02

Oporretan ere 2.000 esker kanpainarekin bat!

Oporretara goaz, baina 2.000 esker kanpainak kalean jarraituko du. 

Agorrilaren 9an, ostegunean, ez galdu Asto-kaka Etxarriko plazan! Eta gainera abuztuko festa guztietan bazkide kanpainako pegatinak zabaldu ditugu.

Zuk ere lagundu: zabaldu Bierrik fundazioa egoera larrian dagoela eta animatu ingurukoak bazkide egitera!

2012/07/31

Ezagutzen duzu Ñabar astoa?

Etxarriko eta Altsasuko festetan bisitan izanen dugu Guaixe eta Beleixeren lagun berria: Ñabar astoa. Sari ederrak ekarriko ditu!
Etxarrira abuztuaren 9an, festetako ostegunean, 18:00etan iritsiko da. Ondoko sariak erabakiko ditu:
  1. Bordan bi pertsonendako bazkari edo afaria.
  2. Mariñeletxe harategiak emandako lotea.
  3. Igoa arrandegiak emandako lotea.
Beste zenbait sorpresa ere ekarriko ditu. Aste honetan jarriko dira salgai boletoak herriko tabernetan. 2 €-ren truke, sari ederrak lortu ditzakezu!

2012/07/27

84 urterekin bazkide

Santiago San Roman olaztiarra Bierrik fundazioko bazkide egin da 84 urterekin. Euskara du ama hizkuntza, baina gerra garaian ia galdu egin zuen. Gaur egun euskarari eusten saiatzen da. Horretan laguntzen dio Guaixe astekariak. Zera esan digu:
"Guaixe larri zegoela esaten etorri zitzaizkidan eta alabek bazkide egitera animatu ninduten. Nik ere gogoa nuen Guaixe gustatzen zait eta".
Gazte, heldu nahiz adineko, egin zaitez bazkide!!!